JUAN ARAMBERRI
Juan Aramberri 1964ko apirilaren 10ean jaio zen Aian. Denbora batean itsasoan ibili zen arrantzale gisa, eta orain enpresa batean ari da lanean. Pertsona langilea eta laguntzailea da. Aiako Laurgain auzoan jaio zen. Teresa eta Juanen semea da, eta jaio zenean zortzi senide zituen, hiru mutil eta bost neska. Lau urte geroago, bere anaia gazteena jaio zen. Txikia zela, bere arreba bat hil egin zen. 6 urterekin hasi zen Orioko eskolara joaten, eta 14 urterekin utzi zuen. Leku desberdinetan ibili zen lanean bost urtez, baita gurasoei bere lanetan laguntzen ere. 19 urterekin, itsasoan hasi zen lanean arrantzale gisa, Gure Gogoa izeneko itsasontzi batean. Udaberrian antxoak eta berdelak arrantzatzen zituzten, eta astelehenetik ostiralera egoten ziren itsasoan. Udan atunak arrantzatzen zituzten, eta hiru aste igarotzen zituzten itsasoan. Itsasontzian 20 pertsonak egiten zuten lan, eta berak izozkailuan jarduten zuen, arrainak izotzarekin jartzen. Itsasontzi horretan lanean 4 urte pasa eta gero, Indaux izeneko enpresa batean hasi zen lanean, altzarientzako bisagrak egiten. 1990eko abuztuaren 11n, 26 urte zituela, bere emaztearekin ezkondu zen Azpeitian. 2002an, bere alaba jaio baino bi hilabete lehenago, aita hil zitzaion. Uztailaren 8an, bere amak 76 urte bete zituen egun berean, bere alaba Janire jaio zen. Hiru urte geroago, 2005eko urriaren 2an, bere semea Oier jaio zen. Bere gertaeretako bat, auto-istripu bat izan zen. Bere gurasoen etxetik bere Zarauzko etxera bueltan zetorrela, haiei gauza batzuetan lagundu ostean, bihurgune batean zegoen olio-putzu batean autoak irrist egin eta iraulita geratu zen. Ez zitzaion ezer larririk gertatu, urratu txiki batzuk soilik egin zituen. Gaur egun, Zarautzen bizi da bere emaztearekin eta bere bi seme-alabekin, eta oraindik enpresan lanean dihardu duela 28 urtetatik.
http://www.tiki-toki.com/timeline/entry/743072/Biografia/
0 Comentarios
BIZIMODUA: BASERRITARRA ALA KALETARRA
Sakonki ezagutzen dut gai hau, hurbiletik ezagutzen dut eta. Izan ere, nire gurasoak baserrian hazitakoak dira, baina orain kalean bizi dira. Hortaz, batzuetan lehengo bizitzako eta oraingoko konparazioak egiten dizkidate eta horietako batzuk kontatuko dizkizuet. Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal lantzera. Hasteko, baserrian bizitzearen abantailetako bat zure elikagai propioak egin ditzakezula da, hau da, kalean bizi direnek zailago dutela baratza eta baserrian eduki ditzakezun elikagaiak sortzeko baliabideak edukitzea. Horrez gain, baserriko fruta eta barazkiak osasungarri eta seguruagoak dira supermerkatuetakoak baino. Baserrian, inolako produktu kimikorik gabe jan ditzakezu, baina supermerkatuetan, ordea, fruta eta barazkiak itxura hobea edukitzeko, produktu toxikoak erabiltzen dituzte batzuetan. Beste alde batetik, naturarekin kontaktu gehiago duzu baserrian, izan ere, herrian trafiko handia dago eta ez daude horrenbeste zuhaitz eta zelai. Eta ez hori bakarrik, aipatu bezala, herrietan trafiko handia egoten da eta hori gutxi ez balitz, fabrikak ere badaude. Hortaz, kutsadura handia sortzen da. Baserrian, berriz, ia ez da batere kutsatzen. Dena den, kaletarra izateak ez ditu alde txarrak bakarrik. Esate baterako, dendak, eskola… hurbilago daude baserri askotatik baino. Baserritarrek herrira joan behar badute, adibidez, erosketak egitera edo eskolara, gehienetan ibilgailu bat behar izaten dute, herria urrun daukate eta. Ondorioz esan daiteke kaleko bizitza errazagoa dela, baliabide gehiago baitituzu eskura. Baina horrek ez du kentzen baserriko bizitza osasungarriagoa denik. Ni kaletarra naiz eta gustura bizi naiz, baina baserriko bizitzak ere apur bat erakartzen nau. |
|